Baloreak

Euskaraz bizitzen ikasteaz gain, partaideak pertsona modura haztea bilatuko dugu HARIAn. Genero aniztasuna, aniztasun funtzionala, ispiritu kritikoa, pertsonen arteko harremanen balioa,…

Aniztasunaren iparra jarraituz, gaur eguneko gizartean, azken urteetan batez ere, genero identitatearen inguruan emandako iraultza ideologikoa begi bistakoa da. Generoaren ikuspegia binarioa izatetik anitza izatera pasa da. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bilatzetik, genero ugarien arteko aniztasunaren errespetua bilatzera salto egin da urte gutxi batzutan. Gazte askok binarismotik salto egin eta genero identitate ezberdinekin identifikatzen dira, eta hori errespetatzen ikasi behar du gure gizarteak. HARIA bide horretan urratsak emateko baliatu nahi dugu, gazteek genero aniztasunaren irizpideak barneratu ditzaten.

Aniztasun funtzionala ere errespetatzen ikasten lagundu nahi ditugu gazteak, bakoitzak bere berezitasun, muga eta indarguneak ditu. Denak gara ezberdinak eta horrek berdintzen gaitu. Egungo gizartean aniztasun funtzionala balioesten laguntzea bilatuko dugu HARIAn.

Garai digitalaren eta egi faltsuen garaiean bizi garen gizarte honetan, nork bere irizpideak eraiki eta horiek jarraitzen ikastea funtsezkoa da pertsona modura hazteko. Horretarako, entzuten duguna zalantzan jarri, begi aurrean dugun egoera kritikatu, ondokoak duen jarrera jasartzailea ez jarraitu edo geldiaraztea, … hainbat egoera ezberdinetan, nork bere nortasuna izan eta artaldea ez jarraitzeko, irizpide eta printzipio sendoak landu behar dira. Hortaz, ispiritu kritikoa garatzen lagundu nahi ditugu gazteak baita ere, mundua euren begietatik begiratuz egin dezaketenaz eta benetan nahi dutenaz kontziente izan daitezen, manipulatuak izan beharrean. Eta bide honetan jarraituz, buruak pantailetatik altxa, inguruan duten jendea eta mundua balioan jarri, hauekiko jakinmina piztu, eta teknologia berriekiko menpekotasunik gabe bizitzen lagundu nahi ditugu gazteak baita ere.